Magna SIS

Magna SIS Donostiako Informatika Fakultateko (UPV/EHU) unibertsitate ikasleez osatutako eta beraiek osotasunean kudeatutako enpresa bat da. Bere helburu nagusia ikasleen eskura dagoen tresna bat izatea da lan-eskarmentua lortzeko jasotako jakintza akademikoak benetako enpresa proiektuetan aplikatuz. Ekimenak Informatika Fakultatearen Dekanotzaren onespena eta laguntza jasotzen du (Dekanotzak Fakultateko bulego bat Magna SIS-en esku uzten du enpresaren egoitza bezala erabiltzeko) baita zentroaren irakasleriaren aholkatzea ere.

Magna SIS Junior Enpresen Euskal Federazioaren (FVJE/JEEF) kidea da , Euskal Herriko beste Eskola eta Fakultateetan diharduten antzeko ekimenak biltzen dituen erakundearen partaidea, hain zuzen ere. Federazioa bera eta baita bere kide batzuk ere duela bi hamarkada baino gehiago daramate martxan, eta iraupen luze horretara iristea da Magna SIS-en jomugetako bat.

Eskaintzen dugun aktiborik garrantzitsuena esperientzia praktiko eta integrala da, zenbait arlotan:

  • Unibertsitate garaian zehar eskuratutako ezagutza akademikoen aplikazioa enpresa-ingurune batean.
  • Teknologia berrien, metodologien, lengoaien, frameworken, liburutegien eta tresnen erabilera, esperimentazio eta ikasketa.
  • Benetako proiektuen kudeaketa, horrek dakarren guztiarekin: kontratuak bilatu eta lortu, aurrekontuak egin, lan kargak estimatu, bezeroekin harremanetan jarri eta haien itxaropenak kudeatu, hartutako konpromisoak bete, ezusteko egoera eta gertaerekin borrokatu…
  • Enpresa-kudeaketa erreala, zerga-betebeharren eta aplikatu beharreko gainerako legediaren ezagutza eta betetzea, edo barne antolakuntzarako prozesu eta egitura eraginkorren definizioa barne.

Gainera, Magna SIS-ek enpresa-praktikak eskaintzen ditu; hauen bidez, ikasleek haien lana sarituta ikusten dute hautazko kredituekin graduko ikasketen kasuan edo aukera askeko kredituekin desagertze bidean dauden ikasketen kasuan.

Eskaintzen ez duguna zuzeneko ordainsari ekonomikoa da. Magna SIS irabazi-asmorik gabeko erakundea da; horrela, ez du kideen aberastasuna bilatzen, baizik eta lehendik azaldutako helburu eta xedeen betetzea. Horregatik, Magna SIS-entzat garatutako lanak ez dira soldata batekin ordaintzen eta ekitaldian zehar enpresak lortzen dituen etekinak enpresan berean berrinbertitzen dira edo/eta kideen onura kolektiboan formatzeko helburua duten jardueren finantziazioaren bidez.

Magna SIS-en parte har dezake honako baldintzak betetzen dituen edozein pertsonak:

  • Donostiako Informatika Fakultateko ikaslea izatea, bere ikasketen edozein puntutan dagoelarik ere (graduko lehen urtetik hasita doktoretza programetara).
  • 30 urtetik beherakoa izatea.
  • Magna SIS-en helburu eta filosofiarekin bat etortzea eta horretan jarduteko denbora minimo bat edukitzea.

Barne antolakuntzan, Magna SIS proiektuetan antolatzen da. Proiektu bakoitza modu independentean garatzen da eta arduradun edo zuzendari bat eta pertsona talde bat dauzka batera lan egiten dutenak proiektuan ezarritako helburuak lortzeko. Bestalde, zuzendaritza-batzorde bat dago, 3tik 7ra doan pertsona kopuruaz osatua, enpresaren eguneroko kudeaketaz arduratzen dena.

Antolakuntza era honek ahalbidetzen du partaideek ardura ezberdinak bere gain hartzea proiektu bakoitzean (zuzendaritza, garapena, probak eta errebisioa, mantentze-lanak …) horietako batean beti jardun behar izanik gabe. Gainera, partaide berriei ahalbidetzen die enpresaren egituran modu azkarrean sartzea, lanean hasteko ez baita beharrezkoa gizabanako, ekintza eta garatzen ari diren lanerako era guztiak ezagutzea, bera garatzen ari den proiektuarenak soilik ezagutu behar baitira.

Horregatik, aldez aurretik aipaturiko baldintzak betez gero eta Magna SIS-en parte hartu nahi baduzu, gurekin harremanetan jarri proiektu batean hasi ahal izateko, bai enpresan egindako praktiken gisara bai modu eskuzabalean. Hasierako esperientziekin gustura egotekotan enpresaren bazkide bilakatu zaitezke eta beste ardura batzuk zure gain hartu, eta zergatik ez, enpresaren kudeaketan parte hartu.

© Magna SIS